Prentsaurrekoaren helburu nagusia Ficoban eta Hendaian burutuko diren jardunaldien testuingurua eta informazioa ematea eta jendarteari parte hartzera etorri dadila deialdi a luzatzea dira.

Ficoba-Irun jardunaldien testuingurua eta informazio teknikoa.

TESTUINGURUA:

Hausnarketa politiko orokorra:

    • G7ren kontrako plataforman, G7-ko estatuek bultzatzen dituzten politika autoritario eta neoliberalen hausnarketa burutu nahi izan dugu. Politika hauek sortzen dituzten ondorioak eta hauen aurrean dauden alternatibak ikusaraziz.

      • Eragile ezberdinek dituzten proposamen eta diskurtsoak ekarri nahi izan ditugu beraz.

      • Egiturazko aldaketak eskatzen dituzten aldarrikapenei zein eguneroko bizitzaren hobekuntza eskatzen dituzten horiei lekua emanez.

    • Egoera ekonomiko eta sozialak biziki kezkatzen gaitu.

      • Maila goreneko krisi baten aurrean gaude, planeta, bizitza eta gizateriaren bideragarritasuna zalantzan ezartzen duena.

      • Ezberdintasun sozialak eta sexu zein arrazaren araberako ezberdintasunak emendatzen ari dira, langileriaren bizi baldintzak okertzen ari dira eta zerbitzu publiko eta sozialak suntsitzen ari dira.

      • Salbuespeneko egoeran bizi gara, pertsonen eta herrien erabakitzeko gaitasuna ez baita errespetatzen. Hortaz, egun pairatzen dugun estatus politiko eta eredu ekonomiko eta soziala inposatua dela esan dezakegu.

    • Egoera hauek ez dira kasualitatez sortzen, funtsean arrazoi politikoak daude, erabaki politikoak. Aldaketa hauen zergatia ez dira teknologikoak edo demografikoak baizik eta politikoak.

    • G7ren kontrako plataformak osatzen ditugun eragileek munduaren ikuskera hau borrokatu nahi dugu. Ekonomia, jendartea eta nazioarteko harremanak ezin dira elite ekonomiko eta politiko txiki baten mesedetan eraiki. Jendartea eta bizitza, demokrazia eta justizia jarri behar dira erdigunean.

Frantziar Estatuaren araberako zehaztapen bat:

  • Emmanuel Macronek G7 hau berak gidatzen dituen politiken erakusleiho bilakatu nahi du. Desberdintasunaren aurkako borroka gailur honen helburu dela esatera ausartzen da, zinikoki.

  • Izan ere, berak eta gonbidatzen dituen 6 estatu buruak, Donald Trump, Angela Merkel, Matteo Salvini eta besteek, aberatsen eta multinazionalen zerbitzura dagoen sistema inposatzen dute. Eskubide sozialak suntsitzen ari dira eta planetaren hondamendi ekologikoa, pobrezia eta gerrak nonahi sortzen ari dira. Itsasoaren eta kontinenteen beste aldean, haien biktimak milioika errefuxiatu dira. Kaosetik ihes egin eta zazpi agintari hauek altxatu dituzten harresien aurka talka egiten dutenak.

  • Frantzian, erreforma ultraliberalak ezartzen dira, elkartasun mekanismoak banan-banan suntsituz. Horretarako, bere kontra altxatzen diren ahots guztiak isilarazten saiatzen da eta errepresioa gero eta basatiagoa eta autoritarioagoa da. Bitartean, Miarritzen, munduaren aurrean bere politikaren ustezko onurak saltzen saiatuko da.

  • Horien aurrean, mugimendu sozial indartsuak altxatzen ari dira. Frantziako Jaka horietatik hasita eta mundu osoko borroka ekologista eta feministetara, zerbitzu publikoen alde edo errepresioa eta bereizkeria ororen aurka borrokatzen dutenetara. Sistema beraren kontra borrokatzen dugu denok eta horren aurrean alternatibak proposatzen ditugu.

  • Haien propaganda ultraliberal, arrazista eta autoritarioaren aurrean, itxaropen ahotsak entzun nahi ditugu. G7ko piromano hauek eragiten ari diren planetaren sua itzali nahi dugu. G7ri eta bere munduari EZ esaten diegu. Jendartearen gehiengo handia gara, solidarioak, demokratikoak, ekologistak, injustizia soziala eta hondamendi ekologikoa jasateari utzi nahi diogunok. Munduaren amaiera eta hilabetearen amaiera, borroka bera delako.

Euskal Herriko egoeratik aipamen bat:

  • G7-ren lehendakaria izanik Emmanuel Macronek erabaki du G7ko gailurra Miarritzen antolatzea. Bere kabuz hartutako erabakia izan da, inongo kontrasterik gabe.

  • G7-ren onurak zabaltzen saiatu diren arren eta komunikazio plan oso bat martxan ezarri duten arren, Euskal Herrian inork ez du zalantzarik izan. G7ko gailurra inposatua den hitzordua da, beren eguneroko ekonomiko eta soziala goitik behera aztoratzen duena.

  • Salbuespen egoera batean ezarri da Euskal Herria, egoera kafkianoa da gainera. Uda betean, turismoa nagusia den lurralde batean, Euskal Herriko plazak eta herriak pribatizatuak eta bunkerizatuak agertuko dira, G7-ko ordezkariek lasaitasunez beren eztabaidak eta jarduerak burutu ditzaten.

  • G7-ko gailur honen ezaugarriek egungo Gobernuaren eta Lehendakariaren izaera azaltzen dituzte. Makronek ez ditu gure lurraldearen eskaerak aintzat hartu, ez du gure ezaugarriak kontuan izan, ez du bertako hautetsi, mugimendu sozial eta ordezkarien iritzia entzun. Herria mesprezatu du.

  • Gailur hau, Euskal Herrian martxan diren ekimen sozial, kultural eta ekonomikoen kontrako norabidean eraikiko da. Gailur honek ez ditu aintzat hartzen Euskal Herriari dagozkion eskubide politiko eta kulturalak erdiesteko eta Euskal Herriak pairatzen duen gatazka historikoaren ondorioen konponbiderako daraman jarduna. Euskal Herria errealitate berri bat eraikitzen saiatzen ari da, adostasunez. G7ko ordezkariek ordezkatzen duten sistemaren bestelako logika batean.

FICOBA-HENDAIAN BURUTUKO DIREN JARDUNALDIEN INFORMAZIO TEKNIKO BATZUK:

  • Programa hau erronka bat zen. Erronka garrantzitsua, Euskal Herrian, Frantzian eta mundu zabalean arrakasta izan eta, gure erresistentzia eta alternatiben bidez, zazpi estatu-buru horien politika suntsitzaileei aurre egiteko.

  • Apustu arrakastatsua da egun: programa honek biharko mundua eraikitzeko funtsezkoak diren borroka ugari bilduko ditu. Egun, aliantza sendo bat da. Justizian eta berdintasunean aurrera egiteko herrien burujabetza nahi duten mugimenduen artekoa; Jaka horien, zadisten eta, oro har, bereizkeriaren, prekarietatearen, gerren eta gure planetaren suntsiketaren aurka Euskal Herrian, Frantzian eta munduan dauden eragile ugarien artean.

  • Abuztuaren 21etik 23ra Hendaian eta Irunen burutuko diren jardunaldietan, 40 hitzaldi osorik itzuliko dira euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Horiez gain, ia 50 tailer egongo dira, Notre Dame des Landetako ZADen aste intergalactikoa, euskal gazteriak antolatutako ekimenak eta Jaka horien batzarra.

  • Denon artean zazpi gai aukeratu ditugu, hurrengo ikasturte sozialaren erdigunean egongo direnak: kapitalismoaren eta multinazionalen amaiera defendatuko dugu, benetan feminista den jendartearen egikaritzea, herrien burujabetza, autoritarismoaren aurrean demokrazia soziala defendatuko duen mundua, mundu deskoloniala, mugak indargabetu eta migratzaile guztiei harrera emango diena. Zazpi gai hauen bidez, erantzun zehatzak eman nahi ditugu G7 honek inposatzen digun eta herritar guztiok mehatxatzen gaituen sutea itzaltzeko.

  • Ia berrehun hizlariren presentzia izango dugu. Programa gure webguneetan eskuragarri dago jadanik eta berau irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.

  • Onartzen dugu ez gaudela beti ados gure artean. Baina oso harro gaude funtsezko gaietan ados jartzeko gai izan garelako. Gure alternatiben aniztasunetik, elkarrekin beste mundu bat eraikitzeko gai garela erakutsiko dugu.

Deialdia eta ekintza batasuna:

  • Kontra gailur honek, bere eztabaida esparru eta mobilizazio guztiak, aurrerakoia den gehiengo sozialari irekiak eta zuzenduak daude:

    • Austeritate politikak eta hauek sortzen dituzten ondorioak errefusatzen dituen gehiengo sozialari.

    • Seme-alaben etorkizunak kezkatzen duen eta bizi-baldintzen hondatzea pairatzen duen gehiengo sozialari.

    • Planetaren suntsiketaren, zaintza krisiaren, giza hondamendiaren, prekarietatearen, pobreziaren, gudaren edota indarkeria patriarkalaren aurrean berehalako eta erroko politikak eskatzen dituen gehiengo sozialari.

    • Hots, demokrazia, justizia soziala eta elkartasuna aldarrikatzen duen gehiengo sozial horri.

  • Salatu nahi dugu kontra-gailurraren harira zabaltzen ari den beldurra, segurtasun irizpide hutsean oinarritzen den diskurtso mediatikoa eta gure ekimenek pairatzen duten kriminalizazioa. G7 EZ! eta Alternatives G7! osatzen dugun 100 eragileen artean nazioarteko GKEk, sindikatu nagusiak eta alderdi aurrerakoiak daude. G7-ko Estatuek sustatuko dutenaren aldean, guk IRUN HENDAIA eremu irekia, herrikoia, aldarrikapenez betea eta mugimendu askekoa bihurtzeko konpromisoa hartu dugu.

  • Gaurkoan ere, Plataformek adostu dugun ekintza batasunaren berri eman nahi dizuegu:

    • Lasaitasunez eta erabakitasunez arituko gara, eraikuntza eta erresistentzia jarrerarekin.

    • Gure erabakitasuna erakusteko ez dugu deus suntsituko, indarkeriarik gabe eta baketsuak diren egin-moldeak eta teknikak baizik ez ditugu erabiliko. Ez dugu nor.gehiagoko egin-moldeetan parte hartuko eta ez dugu indar polizialekin konfrontazio estrategiarik eraikiko. Polizien balizko kargatze eta bortizkerien kontra, bortizkeriarik gabeko erresistentzia-teknikak erabiliko ditugu.

    • Gure manifestazio- eta ekintza-guneetan diren pertsonen segurtasuna bermatzerai atxikiak gara. Gure presentziarekin, gure kopuru eta kohesioarekin, konponbidea gu garela erakutsiko dugu.

  • Aldiz, gure mobilizazioak helburu komertzial, erreakzionario edo bortitzetarako erabiltzeko izan daitezkeen saiakeren kontra agertzen gara. Horretarako, baldintza egokiak sortzeko, pcroolizia indarrak gure elkarretaratzeak burutuko diren lekuetatik aldentzea exijitzen dugu. Macronen Gobernuak mota guztietako oposizio manifestazioen kontra egin duen gestio bortitzak biziki kezkatzen gaitu. Baita berak defendatzen duen sistema neoliberalaren basakeria ere, manifestazioetan azalarazi den ezinegonaren aurrean neurrigabe agertu dena.
PRENTSA DOZIERRA
EGITARAUA