Loading...

[KOMUNIKATUA]

2019-08-23T17:01:16+02:00

G7EZ eta AlternativesG7 plataformek, agorrilaren 22an Hendaian , kontragailurraren antolaketatik kanpo iragandako manifestazioan gertatutako eraso bortitza salatzen dugu.

Manifestazioa giro goxoan zoan bitartean, pertsona talde batek filmatzen zegoen gizon bat bortizki erasotu du. Manifestazio hau bi plataformek antolatutako jardunaldietatik kanpo zen harren, badirudi, erasotzaileak gure plataformek antolatutako akanpalekuan aterpetzen direnetarikoak direla.

Gure jarduera kontsensuak dion bezala, ez dugu inolako bortizkeririk onartuko, ez morala ezta fisikoa ere.

Erasotzaileengana zuzentzen gira eta beren ardurak esku artean har ditzaten eskatzen diegu eta horrelako bortizkeriak onartzen ez dituen guneak berehala utzi dezaten esan.

[KOMUNIKATUA]2019-08-23T17:01:16+02:00

[08/12] Prentsaurrekoa

2019-08-12T17:35:16+02:00

Prentsaurrekoaren helburu nagusia Ficoban eta Hendaian burutuko diren jardunaldien testuingurua eta informazioa ematea eta jendarteari parte hartzera etorri dadila deialdi a luzatzea dira.

Ficoba-Irun jardunaldien testuingurua eta informazio teknikoa.

TESTUINGURUA:

Hausnarketa politiko orokorra:

    • G7ren kontrako plataforman, G7-ko estatuek bultzatzen dituzten politika autoritario eta neoliberalen hausnarketa burutu nahi izan dugu. Politika hauek sortzen dituzten ondorioak eta hauen aurrean dauden alternatibak ikusaraziz.

      • Eragile ezberdinek dituzten proposamen eta diskurtsoak ekarri nahi izan ditugu beraz.

      • Egiturazko aldaketak eskatzen dituzten aldarrikapenei zein eguneroko bizitzaren hobekuntza eskatzen dituzten horiei lekua emanez.

    • Egoera ekonomiko eta sozialak biziki kezkatzen gaitu.

      • Maila goreneko krisi baten aurrean gaude, planeta, bizitza eta gizateriaren bideragarritasuna zalantzan ezartzen duena.

      • Ezberdintasun sozialak eta sexu zein arrazaren araberako ezberdintasunak emendatzen ari dira, langileriaren bizi baldintzak okertzen ari dira eta zerbitzu publiko eta sozialak suntsitzen ari dira.

      • Salbuespeneko egoeran bizi gara, pertsonen eta herrien erabakitzeko gaitasuna ez baita errespetatzen. Hortaz, egun pairatzen dugun estatus politiko eta eredu ekonomiko eta soziala inposatua dela esan dezakegu.

    • Egoera hauek ez dira kasualitatez sortzen, funtsean arrazoi politikoak daude, erabaki politikoak. Aldaketa hauen zergatia ez dira teknologikoak edo demografikoak baizik eta politikoak.

    • G7ren kontrako plataformak osatzen ditugun eragileek munduaren ikuskera hau borrokatu nahi dugu. Ekonomia, jendartea eta nazioarteko harremanak ezin dira elite ekonomiko eta politiko txiki baten mesedetan eraiki. Jendartea eta bizitza, demokrazia eta justizia jarri behar dira erdigunean.

Frantziar Estatuaren araberako zehaztapen bat:

  • Emmanuel Macronek G7 hau berak gidatzen dituen politiken erakusleiho bilakatu nahi du. Desberdintasunaren aurkako borroka gailur honen helburu dela esatera ausartzen da, zinikoki.

  • Izan ere, berak eta gonbidatzen dituen 6 estatu buruak, Donald Trump, Angela Merkel, Matteo Salvini eta besteek, aberatsen eta multinazionalen zerbitzura dagoen sistema inposatzen dute. Eskubide sozialak suntsitzen ari dira eta planetaren hondamendi ekologikoa, pobrezia eta gerrak nonahi sortzen ari dira. Itsasoaren eta kontinenteen beste aldean, haien biktimak milioika errefuxiatu dira. Kaosetik ihes egin eta zazpi agintari hauek altxatu dituzten harresien aurka talka egiten dutenak.

  • Frantzian, erreforma ultraliberalak ezartzen dira, elkartasun mekanismoak banan-banan suntsituz. Horretarako, bere kontra altxatzen diren ahots guztiak isilarazten saiatzen da eta errepresioa gero eta basatiagoa eta autoritarioagoa da. Bitartean, Miarritzen, munduaren aurrean bere politikaren ustezko onurak saltzen saiatuko da.

  • Horien aurrean, mugimendu sozial indartsuak altxatzen ari dira. Frantziako Jaka horietatik hasita eta mundu osoko borroka ekologista eta feministetara, zerbitzu publikoen alde edo errepresioa eta bereizkeria ororen aurka borrokatzen dutenetara. Sistema beraren kontra borrokatzen dugu denok eta horren aurrean alternatibak proposatzen ditugu.

  • Haien propaganda ultraliberal, arrazista eta autoritarioaren aurrean, itxaropen ahotsak entzun nahi ditugu. G7ko piromano hauek eragiten ari diren planetaren sua itzali nahi dugu. G7ri eta bere munduari EZ esaten diegu. Jendartearen gehiengo handia gara, solidarioak, demokratikoak, ekologistak, injustizia soziala eta hondamendi ekologikoa jasateari utzi nahi diogunok. Munduaren amaiera eta hilabetearen amaiera, borroka bera delako.

Euskal Herriko egoeratik aipamen bat:

  • G7-ren lehendakaria izanik Emmanuel Macronek erabaki du G7ko gailurra Miarritzen antolatzea. Bere kabuz hartutako erabakia izan da, inongo kontrasterik gabe.

  • G7-ren onurak zabaltzen saiatu diren arren eta komunikazio plan oso bat martxan ezarri duten arren, Euskal Herrian inork ez du zalantzarik izan. G7ko gailurra inposatua den hitzordua da, beren eguneroko ekonomiko eta soziala goitik behera aztoratzen duena.

  • Salbuespen egoera batean ezarri da Euskal Herria, egoera kafkianoa da gainera. Uda betean, turismoa nagusia den lurralde batean, Euskal Herriko plazak eta herriak pribatizatuak eta bunkerizatuak agertuko dira, G7-ko ordezkariek lasaitasunez beren eztabaidak eta jarduerak burutu ditzaten.

  • G7-ko gailur honen ezaugarriek egungo Gobernuaren eta Lehendakariaren izaera azaltzen dituzte. Makronek ez ditu gure lurraldearen eskaerak aintzat hartu, ez du gure ezaugarriak kontuan izan, ez du bertako hautetsi, mugimendu sozial eta ordezkarien iritzia entzun. Herria mesprezatu du.

  • Gailur hau, Euskal Herrian martxan diren ekimen sozial, kultural eta ekonomikoen kontrako norabidean eraikiko da. Gailur honek ez ditu aintzat hartzen Euskal Herriari dagozkion eskubide politiko eta kulturalak erdiesteko eta Euskal Herriak pairatzen duen gatazka historikoaren ondorioen konponbiderako daraman jarduna. Euskal Herria errealitate berri bat eraikitzen saiatzen ari da, adostasunez. G7ko ordezkariek ordezkatzen duten sistemaren bestelako logika batean.

FICOBA-HENDAIAN BURUTUKO DIREN JARDUNALDIEN INFORMAZIO TEKNIKO BATZUK:

  • Programa hau erronka bat zen. Erronka garrantzitsua, Euskal Herrian, Frantzian eta mundu zabalean arrakasta izan eta, gure erresistentzia eta alternatiben bidez, zazpi estatu-buru horien politika suntsitzaileei aurre egiteko.

  • Apustu arrakastatsua da egun: programa honek biharko mundua eraikitzeko funtsezkoak diren borroka ugari bilduko ditu. Egun, aliantza sendo bat da. Justizian eta berdintasunean aurrera egiteko herrien burujabetza nahi duten mugimenduen artekoa; Jaka horien, zadisten eta, oro har, bereizkeriaren, prekarietatearen, gerren eta gure planetaren suntsiketaren aurka Euskal Herrian, Frantzian eta munduan dauden eragile ugarien artean.

  • Abuztuaren 21etik 23ra Hendaian eta Irunen burutuko diren jardunaldietan, 40 hitzaldi osorik itzuliko dira euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Horiez gain, ia 50 tailer egongo dira, Notre Dame des Landetako ZADen aste intergalactikoa, euskal gazteriak antolatutako ekimenak eta Jaka horien batzarra.

  • Denon artean zazpi gai aukeratu ditugu, hurrengo ikasturte sozialaren erdigunean egongo direnak: kapitalismoaren eta multinazionalen amaiera defendatuko dugu, benetan feminista den jendartearen egikaritzea, herrien burujabetza, autoritarismoaren aurrean demokrazia soziala defendatuko duen mundua, mundu deskoloniala, mugak indargabetu eta migratzaile guztiei harrera emango diena. Zazpi gai hauen bidez, erantzun zehatzak eman nahi ditugu G7 honek inposatzen digun eta herritar guztiok mehatxatzen gaituen sutea itzaltzeko.

  • Ia berrehun hizlariren presentzia izango dugu. Programa gure webguneetan eskuragarri dago jadanik eta berau irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.

  • Onartzen dugu ez gaudela beti ados gure artean. Baina oso harro gaude funtsezko gaietan ados jartzeko gai izan garelako. Gure alternatiben aniztasunetik, elkarrekin beste mundu bat eraikitzeko gai garela erakutsiko dugu.

Deialdia eta ekintza batasuna:

  • Kontra gailur honek, bere eztabaida esparru eta mobilizazio guztiak, aurrerakoia den gehiengo sozialari irekiak eta zuzenduak daude:

    • Austeritate politikak eta hauek sortzen dituzten ondorioak errefusatzen dituen gehiengo sozialari.

    • Seme-alaben etorkizunak kezkatzen duen eta bizi-baldintzen hondatzea pairatzen duen gehiengo sozialari.

    • Planetaren suntsiketaren, zaintza krisiaren, giza hondamendiaren, prekarietatearen, pobreziaren, gudaren edota indarkeria patriarkalaren aurrean berehalako eta erroko politikak eskatzen dituen gehiengo sozialari.

    • Hots, demokrazia, justizia soziala eta elkartasuna aldarrikatzen duen gehiengo sozial horri.

  • Salatu nahi dugu kontra-gailurraren harira zabaltzen ari den beldurra, segurtasun irizpide hutsean oinarritzen den diskurtso mediatikoa eta gure ekimenek pairatzen duten kriminalizazioa. G7 EZ! eta Alternatives G7! osatzen dugun 100 eragileen artean nazioarteko GKEk, sindikatu nagusiak eta alderdi aurrerakoiak daude. G7-ko Estatuek sustatuko dutenaren aldean, guk IRUN HENDAIA eremu irekia, herrikoia, aldarrikapenez betea eta mugimendu askekoa bihurtzeko konpromisoa hartu dugu.

  • Gaurkoan ere, Plataformek adostu dugun ekintza batasunaren berri eman nahi dizuegu:

    • Lasaitasunez eta erabakitasunez arituko gara, eraikuntza eta erresistentzia jarrerarekin.

    • Gure erabakitasuna erakusteko ez dugu deus suntsituko, indarkeriarik gabe eta baketsuak diren egin-moldeak eta teknikak baizik ez ditugu erabiliko. Ez dugu nor.gehiagoko egin-moldeetan parte hartuko eta ez dugu indar polizialekin konfrontazio estrategiarik eraikiko. Polizien balizko kargatze eta bortizkerien kontra, bortizkeriarik gabeko erresistentzia-teknikak erabiliko ditugu.

    • Gure manifestazio- eta ekintza-guneetan diren pertsonen segurtasuna bermatzerai atxikiak gara. Gure presentziarekin, gure kopuru eta kohesioarekin, konponbidea gu garela erakutsiko dugu.

  • Aldiz, gure mobilizazioak helburu komertzial, erreakzionario edo bortitzetarako erabiltzeko izan daitezkeen saiakeren kontra agertzen gara. Horretarako, baldintza egokiak sortzeko, pcroolizia indarrak gure elkarretaratzeak burutuko diren lekuetatik aldentzea exijitzen dugu. Macronen Gobernuak mota guztietako oposizio manifestazioen kontra egin duen gestio bortitzak biziki kezkatzen gaitu. Baita berak defendatzen duen sistema neoliberalaren basakeria ere, manifestazioetan azalarazi den ezinegonaren aurrean neurrigabe agertu dena.
PRENTSA DOZIERRA
EGITARAUA
[08/12] Prentsaurrekoa2019-08-12T17:35:16+02:00

[UZT 13] Manifestaldiaren bilana

2019-08-02T20:42:55+02:00

Uztailaren 13 honetan, 1.000 eta 1.500 manifestari artean bildu ziren Miarritzeko karriketan, G7aren aurreko azken mobilizazio handian, gailurraren zilegitasun eskasa eta Euskal Herrian antolatzea salatzeko. G7 Ez! plataformak bere antolakunde eta hurbilekoei manifestaldi koloretsu, baketsu eta bateratura hurbiltzeko deia luzatua zien, lema orokor baten gibelean: G7a eta bere munduari ez!

Koloretsua eta bateratua izan zen manifestaldia. Bandera gorri, txuri, berde, hori, beltz eta arrosak ikusi ziren, ortzadar militantea zabalduz Miarritzen. Elkarteak, alderdi politikoak, sindikatuak, antolakundeak, eragile eta mugimendu sozialak elkartu ziren Gare Du Midi antzoki aitzinean, baita hurbileko anitz ere, ordu eta erdi inguru iraun zuen ibilaldiari hasiera emateko. Ikusgarria izatea zuen helburu plataformak, eta bete egin da. Miarritzeko merkataritza karriketan eta itsas bazterrean barrena ibili zen manifestaldia, abiapuntura bueltatuz.

Besta giroko manifestaldia ere izan zen. Ekimen ezberdinak gauzatu ziren mobilizazioan zehar, G7a salatzeko. Lehenik eta behin, “Gune gorrian” sarrera irudikatu zen, Miarritzeren militarizazioa irudikatuz eta arbuiatuz. Bestalde, G7ko estatuburuen karikaturak ere agertu ziren hiriko leku ezberdinetan, eta manifestariek tinduz beteriko arrautzak bota zizkieten.

Azkenik, baketsua ere izan zen. Prefekturak merkatariei eman zizkien aholku alarmistez gaindi, zeinetan manifestaldian zehar saltokiak ixtea gomendatzen zitzaien, Miarritzeko denda eta ostatuak irekiak ikusi ziren uztailaren 13ko arratsaldean. Honek, G7 Ez! plataformaren mezua indartu zuen, azken honen helburua G7aren aurka borrokatzea baita, ez bertako ekonomia jardueraren aurka. Gainera, kalterik ez egoteaz gain, manifestariek merkatari eta oinezkoekin trukatzeko aukera izan zuten, manifestaldiaren eta aldarrien azalpena emanez, baita kontra-gailurrera hurbiltzeko gonbidapena luzatuz ere.

Manifestaldia Gare du Midi-n amaitu zen, antzerki batekin eta borrokan jarraitzeko plataformaren deialdiarekin. Hala, bertako eragile eta aktore guztiei G7aren antolakuntzan ez laguntzeko eskatu zitzaien, eta dena egin dezaten haren funtzionamendua oztopatzeko. G7 Ez! plataformak kontra-gailurraren gauzapena ere oroitarazi zuen, zeinetan G7a eta bere mundua salatuko den, alternatiba demokratiko, ekologiko eta sozialak proposatuz eta desobedientzia zibil ariketa masiboak burutuz. Honakoak dira kontra-gailurraren datak:

  • Abuztuaren 19tik 20ra: alternatiben gunearen prestaketa
  • Abuztuaren 21etik 23ra: alternatiben gailurra Hendaian eta Irunen, hitzaldi, tailer ekimen eta erakusketekin.
  • Abuztuaren 24an, 11etan: G7aren aurkako eta beste mundu baten aldeko manifestaldia Hendaian
  • Abuztuaren 25ean, eguerditik aurrera: “Ortzadar gunea”, desobedientzia zibil ekimena Miarritzeko zirkulazio debeku gunearen inguruko zazpi lekutan.
[UZT 13] Manifestaldiaren bilana2019-08-02T20:42:55+02:00

Kontragailurrari atxikimendu ugari.

2019-07-18T14:13:54+02:00

Uztailaren 18ko Bilboko prentsaurrekoaren edukia:

G7-aren gailurra Miarritzen egiteko hilabete inguru falta dela aprobetxatuz, G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen plataformak azken hilabeteetan garatu duen atxikimendu dinamikaren berri ematea helburu du agerraldi honek.

G7a osatzen duten 7 potentziek mundua hondamendira eramateko izan dezaketen gaitasunaren aurrean, langileon, eta oro har, herriaren potentzialitatea jartzen dugu parez pare bizitza zein natura erdigunean izango dituen eredu berri baterako bidera elkarrekin egiteko. Eremu, arlo eta izaera oso ezberdinetako atxikimenduak jaso ditugu; horietako batzuk gaur agerraldian gaude, beste batzuk ezin izan dute parte hartu eta gehiago izango garela badakigu.

Manifestua:

G7 EZ! BIZITZA ERDIGUNEAN,
ELKARREKIN MUNDU BERRI BAT SORTZEN.

G-7 maila ekonomiko, politiko eta militarrean botere handia duten munduko zazpi herrialdeek gerra hotzaren garaian sortutako taldea da (AEBk, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatua). Abuztuaren 24, 25 eta 26ean Miarritzen bilduko dira. Esan beharrik ez dago, Miarritzeko G-7ko gailurra sistema kapitalistaren krisi anitz eta iraunkor baten erdian burutuko dela, berau birsortzeko etengabeko ahaleginean eta, era berean, horrek guztiak eragiten duen elite kapitalisten arteko lehia eta tira bira geoestrategiko handien artean.

Bertan har daitezkeen neurriak herritar eta herri askori eragingo digute eta haiek ez lirateke inor izan behar gure izenean ezer erabakitzeko. Nortzuk dira G-7ko partaideak planetako milioika pertsonen ordezkari demokratikoak, instituzioen iritzia kontuan hartu gabe, gure kaltetan izango diren erabakiak hartzeko? Ez dute inolako zilegitasun demokratikorik mundu osoari eragiten dioten gaietan erabakiak hartzeko. Beraz, G7-aren izaera antidemokratikoa salatzea dagokigu, gailur hauek ordezkatzen eta gorpuzten baitute modu zuzen batean demokraziaren pribatizazioa bera.

Demokraziaren pribatizazio horrek ondorio zuzenak ekarri ditu ongizate estatuaren ahultzean, horrek areagotu duen zaintza krisian, eskubide sozial askoren desagerpenean, sektore publikoari bankuen “erreskatearen” izenean inoiz egin zaion desjabetzerik handienean edota natur baliabideen ustiapen basatiaren areagotzean… horiek eta beste hamaika adibide jarri genitzakeen eta horiek guztiek eragin dute gizartean areagotzen ari den ezberdintasun edo arrakala sozialean.

G-7a Frantziar hegoaldeko herri turistiko batean bilduko dela esango dute “probintziako hiri baten balioa azpimarratzea eta hari ohoratzea”. Guk aldiz, bestelako etorkizun baten aldeko historia propio bat duena.

Testuinguru honetan, deialdi hau izenpetzen dugun eragile sozial, sindikal eta politikoek, gure egiten ditugu honako aldarrikapenak:

  1. Gailur honek ordezkatzen duen sistemaren salaketa irmoa egiten dugu. Salaketa hau, euskal herriko eragile zein herritarrok, kanpotik etorriko direnekin batera egin nahi dugu, bide baketsuak soilik erabiliz. G7-aren izaera antidemokratikoa eta haren ondorioek gure bizitzetan izango dituzten eragin gordina salatzen ditugu, sistema pitzatzen hasteko arrakala bat irekitzeko.
  2. Mundu berri bat eraikitzeko, egungoa eraldatzeko, alternatibak martxan daudela aldarrikatzen dugu. Bestelako alternatibarik ez dagoela diotenen eta etorkizun distopikoak besterik eskaintzen ez digutenean, ilusioa eta itxaropena zabaldu nahi dugu. Sistema kapitalistaren aurrean bestelako norabidea posiblea dela erakusten duten hainbat hausnarketa, ekimen eta egitasmo martxan daude Euskal Herrian. Plataformak sustatuko dituen ekimenak horien erakusleiho ere izango da.
  3. Gailurra Euskal Herria izena duen herrian egingo da, Munduko beste herriekin eta sistema honen aurka borrokan dagoen ororekin elkartasunean aritu nahi duen herria.

Era berean, Abuztuaren 21tik 23ra egingo diren Jardunaldiekin eta abuztuaren 24ean Irun-Hendaian egingo den Manifestazioarekin, hala nola Ortzadar eremuarekin bat egiten dugu. Herritarrak modu masiboan Kontra-gailurrean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Gaurko agerraldia G7ari ez eta mundu berri bati bai esaten diogun gehiengo sozial anitzaren argazkia da. Lan harreman eta babes sozialerako euskal esparrua aldarrikatzen dugun euskal gehiengo sindikala. Ekonomia sozial eraldatzaile zein solidarioaren alde gauden kooperatiba sareak. Zaintza erdigunean eta lan guztien aitortza izango duen ereduaren alde egunerokoan lan egiten dugun mugimendu feminista elkartu gara. Emergentzia klimatikoaren aurrean guztiontzat bizigarria izango den eredua defendatzen dugun mugimendu ekologistako kideak. Gure lurraldea pertsonen beharretara antolatuko den eta arkitekturaren demokratizazioa bermatuko duen eredu baten aldekoak batu gara. Aldaketa soziala erreala izan dadin, burujabetza prozesuaren beharra defendatzen dugunak elkartu gara. Eskubide guztiak guztiontzat borrokatzen ditugulako, zerbitzu publikoak unibertsalizatuz eta prozesu kolektibo ematzipatzaileak eraikiz. Euskal Herrian bizi garenon eskubideak defendatzen ditugulako, non jaio garen kontutan hartu gabe eta elkarrekin eraikitzen jarraitu nahi dugulako jendarte eredu justu eta parekidea. Gerra inperialisten edota hondamendi ekologikoen ondoriozko migrazio behartuak errefuxiatu eta ongi etorrien alde gaudelako…

Arloz arlo, herrialdez herrialde, lantokietan, ikastetxeetan, kalean, etxean… mundu berri baten alde gaudelako elkartu gara gaur, bakoitza beretik eraginez, guztiok ongi biziko garen jendarte eredua egunez egun eraikitzen ari garelako. Horregatik, abuztuaren 19tik 25era Irun eta Hendaia artean antolaturiko kontra-gailurrean parte hartuko dugu eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen diogu.

atxikimenduak
Kontragailurrari atxikimendu ugari.2019-07-18T14:13:54+02:00

G7aren etorrera salatzeko ekimenak aurkeztu ditugu

2019-07-15T14:29:13+02:00

Uztailaren 13ko manifestazioa Biarritzen, abuztuaren 19 eta 23 bitartean Irun eta Hendaian egingo dugun kontra-gailurra eta abuztuaren 24 eta 25ean egingo ditugun protestak daude ekimenen artean, besteak beste.

(gehiago…)

G7aren etorrera salatzeko ekimenak aurkeztu ditugu2019-07-15T14:29:13+02:00

G7a ez dela ongi etorria adierazi dugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

2019-06-24T09:46:46+02:00

Larunbata mobilizazio eguna izan dugu Euskal Herrian, G7a ongi etorria ez dela kalean adierazteko eta haren politika bidegabeak agerian uzteko. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan protestak egin ditugu, jai giroan ere, baina beti helburu berarekin: beste mundu bat eraiki nahi dugula adierazteko eta alternatibak baditugula nabarmentzeko.

(gehiago…)
G7a ez dela ongi etorria adierazi dugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan2019-06-24T09:46:46+02:00

Ekainaren 22ko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dugu

2019-06-17T14:42:29+02:00

Agerraldia egin dugu Bilbon, etorriko diren protesta eta mobilizazioen berri emateko; larunbatean, ekainaren 22an, esaterako, kalejirak egingo ditugu Bilbon eta Gasteizen, goizez; eta Donostian manifestazioa egingo dugu, arratsaldez.

(gehiago…)
Ekainaren 22ko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dugu2019-06-17T14:42:29+02:00

Prentsa agiria.

2019-06-06T16:53:41+02:00

G7-ren aurka, beste mundu baten alde
Abuztuaren 19tik 26ra,
mobiliza gaitezen eta antola gaitezen !

Abuztuaren 24tik 26era, munduko 7 estatu aberetsenetariko buruak Miarritzen elkartuko dira, Frantzia gailurraren buru.

Gero-eta autoritarioagoak, gero-eta gerlazaleagoak direlarik, aberatsenen eta multinazionalen zerbitzuko den sistema iraunarazteko elkartuko dira zazpi potentzia hauek. Sistema hilgarri hau geldiarazteko garaia da. Beraien gezurrez beteriko diskurtsoen aitzinean, Euskal Herrian mobilizatu behar dugu, gure ideiak, alternatibak eta borroken bidez kontra jarri eta, larrialdi soziala eta ekologikoa inposatzeko.

(gehiago…)
Prentsa agiria.2019-06-06T16:53:41+02:00

Jaka horien mugimendua izan dugu hizpide

2019-06-06T16:46:32+02:00

G7 EZ Plataforma antolatzen ari den ekimenen artean, ELEAK-Libre Mugimenduaren eskutik maiatzaren 30ean Gasteizen, maiatzaren 31n Donostian eta ekainaren 1ean Donibane Lohitzunen, hiru hitzaldi eztabaida antolatu ziren. Bataz beste, 25/30 lagun inguruk parte hartu dute aipatu ekimenetan.

(gehiago…)
Jaka horien mugimendua izan dugu hizpide2019-06-06T16:46:32+02:00

G7-ren kontrako gailurra oztopatzen ari da Irungo alkatea

2019-05-27T12:48:05+02:00

G7-ren kontrako plataformatik honakoa salatu nahi dugu:

  • Aurreko astean aipatu genuen bezala, Euskal Herriko Plataformak G7-ren kontrako ekimenak Irun eta Hendaian burutuko zituela jakinarazi genuen. Ipar Euskal Herriko instituzioekin harremanean,  Irungo instituzio eta eragile ezberdinekin adostu ondorengo erabakia zen, nazioarte mailan publiko egin dena. Plan honen baitan, Ficoba hartua genuen eta beraiekin konfirmatua 3 eguneko plana.  
  • Irungo alkateak egin dituen gestio batzuk direla medio, Ficobak abuztuan bere ateak ixtea erabaki duela jakin dugu.
  • Ixte honen helburua gailurraren testuinguruan Plataformak eta mundu osoko eragile ezberdinek egingo ditugun jardunaldi eta ekimenak oztopatzea da. Irungo alkatearen nahia ekimen hauek oztopatzea izan da argi eta garbi.
  • Alkatearen jukutria salatu nahi dugu, adierazpen askatasunaren kontrako ekimena baita, bere boterea erabili baitu instituzio pribatu bat ixteko eta ekimen soziala oztopatzeko.
  • Plataforma hartuko dituen neurriak aztertzen ari da. Ficoba eta Irungo eragile ezberdinekin harremanean jarraituko du, erabakian atzera egin dezaten. Bere konpromisoan berresten da: G7-ren kontrako gailurra hego Lapurdin eta Bidasoaldean burutuko da.
G7-ren kontrako gailurra oztopatzen ari da Irungo alkatea2019-05-27T12:48:05+02:00