Frantziako presidente Emmanuel Macron ez da Biarritzera etorri; bai, ordea, Europako eta Kanpo Aferetako ministro Jean Yves Le Drian. 2019ko abuztuko G7aren gailurra prestatzeko bilkura egiteko etorri dira Euskal Herrira, G7a ordezkatzen duten potentzietako ordezkariekin batera, eta poliziak setio egoera ezarri du Biarritzen: hiria hartu du eta protesta egitera bildu direnen kontra gogor oldartu da. Oldarraldiak oldarraldi, manifestatzeko eskubidea urratu arren, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa dela aldarrikatu dugu G7 EZ! plataformako eragileok. Aldaketa sozialaren aldarria ez dute isilarazi, ezta gomazko pilotekin ere.