Mundua errotik aldatu behar da lehenbailehen, Donostiatik abiatuta ere. Hain zuzen ere, G7 EZ! plataforma izaera horrekin aurkeztu dugu Donostian, joan den otsailaren 9an, Artzain Onean egindako agerraldiarekin. G7ko mandatariek Biarritzen abuztuan egingo duten gailurrera begira gaude, eta herriz herri ari gara zabaltzen aldaketaren beharra. Donostian argi dugu. Turismo aberatsari, Inditexi, kontsumo basatiari, metroari, abiadura handiko trenari, kulturaren komertzializazioari eta erdarei eskainitako beraien San Sebastiani guk Donostiarekin aurre egin nahi diogu, herritarren, komertzio txikien, bertako merkataritzaren, feminismoaren, ekologiaren, migrazioaren, euskararen eta euskal kulturaren Donostiarekin.

Hala, bost gai hauen bueltan lan egingo dugu datozen hilabeteetan, hitzaldi eta mobilizazioen bitartez: prekaritatearen aurkako langile borroka, feminismoa, errefuxiatuak, aldaketa klimatikoa eta eskubide zibil eta politikoak.