Donostiako Plataformak hasi du bere ekimen bira!

Joan den ostegunean, apirilaren 4ean, mahai ingurua egin genuen Donostiako Bulebarrean, G7a zer den eta Euskal Herriari nola eragiten dion azaldu eta herritarren erantzuna antolatzeko. Bi gonbidatu izan ziren bertan: Dominika Daguerre, G7 EZ! plataformako kidea, eta Gonzalo Fernandez, OMAL Latinoamerikako multinazionalen behatokiko kidea. G7aren ezkutuko agenda neoliberalaren aurrean, euskal herritarrak mobilizatu eta antolatzea, gailurra trabatzea eta Euskal Herritik gure alternatiba propioa gizarteratzeko beharraz mintzatu ziren.

Igandean, berriz, apirilaren 7an, “Díaz: no limpies esta sangre” filmaren proiekzioa antolatu genuen Kijera Gaztetxean. Pelikulak 2001eko Genovako G8 gailurrean gertatutakoa azaltzen du. Gailurra bukatu ondoren, Genovako Foro Sozialaren eta globalizazioaren aurkako mugimenduen egoitza, Armando Díaz eskola, eraso zuen poliziak. Barruan zeuden 90 pertsonek poliziarengandiko indarkeria basatia jasan behar izan zuten. Biarritzeko G7 gailurrari begira, film honen bidez Europa “demokratikoa”-ren giza eskubideen urratzerik larrienetako bat gogoratu genuen.

Datorren larunbatean ere, apirilaren 13an, 13:30etan, hitzordua dugu Donostian, “G7 EZ! Herrien, pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkadari BAI!” lelopean. Ekimen honekin, maiatzaren 5eko Europako iniziatibari gure babesa erakutsiko diogu, bizitza eta giza eskubideak erdigunean jarriz.