Agerraldia egin dugu Bilbon, etorriko diren protesta eta mobilizazioen berri emateko; larunbatean, ekainaren 22an, esaterako, kalejirak egingo ditugu Bilbon eta Gasteizen, goizez; eta Donostian manifestazioa egingo dugu, arratsaldez.

Hain zuzen ere, abuztuaren 24, 25 eta 26an G7aren kunbrea ospatuko da Biarritzen, Lapurdin. Estatu Batuak, Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia eta Japonia dira G7a osatzen duten herrialdeak, mendebaldeko blokeko herrialderik boteretsuenak, alegia.

G7 ez!plataformatik beste mundu bat posible dela pentsatzen duten pertsona guztiei goi bilkura honen kontra mobilizatzeko deia luzatzen diegu. Plataforma hau, hain justu, G7ak inplementatzen dituen politiken kontra gauden eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinek osatzen dugu.

Aurten, Frantziak lehendakaritza hartzen duenez, esan bezala, Biarritzen izango da goi bilkura. Argitara eman dute desberdintasunak, ingurumenaren egoera edota Afrikar kontinenteko errealitatea izango direla, besteak beste, agendan egongo diren gaiak. Argi dago honen atzean dagoen helburua ez dela langileon eta beraz, gehiengo sozialaren bizi baldintzak hobetzea; kontrara, helburua egoera hauetatik ahalik eta etekin ekonomiko gehien ateratzeko pausuak definitzea izango da. Gutxi batzuen aberastasunaren oinarria munduko beste herrialde batzuen espoliazioan, ingurumenaren suntsiketan edota milioika eta milioika langileon esplotazioan dago oinarritua.

Nazioarteko kapitalaren eta korporazio handien botere olagarro baten modukoa da; bizitzako esparru guztiak erasotzen dituzte euren tentakuluekin. Gure enpleguak prekarizatzen dituzte, negozioa egiten dute gure hezkuntza eta osasunarekin, gure pentsioak pribatizatzen dituzte, ingurumena suntsitzen dute edota herri bezala izan beharko genukeen burujabetza erasotzen dute. G7ko erabakiek eragin zuzena du gure eguneroko bizitzan, izan ere, nazioarteko esferan hartzen diren erabaki politiko eta ekonomiko guztiek gerora Euskal Herrian batzuk inplementatzen saiatzen diren politika eta dinamikak norabidetzen dituzte.

Horregatik guztiagatik, erantzun bateratuak eman behar ditugu, erresistentzia eta alternatiba anitzak barnebilduz.

G7 EZ ! plataformak antolatutako mobilizazioen egitaraua*

  • Ekainaren 22an, larunbatarekin, kalejira-manifestazioa Bilbon 12,30etan Frantziako Kontsulatutik (Iparragirre kalea); Gasteizen, 13:00, kalejira, Burrulleriasetik Judimendira; eta Gipuzkoako plataformak antolatu manifestazioa Donostian (17h Easo plazan)
  • Uztailaren 13an, larunbatarekin, manifestazioa Miarritzen (17h, Loreen hipodromoan)
  • Abuztuaren 19tik 24ra, alternatiben herrixka eta gailurra (Urruña, Hendaia, Irun). Ikus beherago.
  • Abuztuaren 24an, larunbatarekin, manifestazioa Irun-Hendaian
  • Abuztuaren 25ean, igandearekin, eguerditan : beraien zonalde gorri eta urdinaz haraindi “ortzadar” zonaldearen osatzea elkarretaratzeen bidez Angelu, Baiona edo Miarritzeko 7 gunetan, manifestaziodebekuaren kontra.

G7, Euskal Herriko, eta oro har munduko, gehiengo sozialaren kontrako erasoa izateaz gain, aukera bat izan daiteke. Aukera bat izan daiteke azken urteetan mugimendu sozial, sindikal eta politikoek aurrera eraman dituzten borrokak komunean jartzeko; aukera bat izan daiteke konplizitate, erresistentzia eta alternatiba konpartituak eraikitzeko; aukera bat izan daiteke, finean, bestelako eszenatoki posible batzuk marrazten hasteko.

G7ez! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen! ¡Construyendo otro mundo desde Euskal Herria!