G7 EZ Plataforma antolatzen ari den ekimenen artean, ELEAK-Libre Mugimenduaren eskutik maiatzaren 30ean Gasteizen, maiatzaren 31n Donostian eta ekainaren 1ean Donibane Lohitzunen, hiru hitzaldi eztabaida antolatu ziren. Bataz beste, 25/30 lagun inguruk parte hartu dute aipatu ekimenetan.

Bertan, “Lundi Matin” hedabideko kazetaria den Mathieuk aitortu zuenez, jaka horiek eta hauek sorturiko mugimendua inork espero ez zuen gertakari sozial nagusia izan da. Macronen Gobernua hankaz gora jarri duen dinamikaren ezaugarri nagusiak aurkeztu zituen, Frantziako Estatuan inoiz eman den matxinada sozialik indartsuena dela azpimarratuz. Matxinadaren indarguneak eta ahultasunak garbi azaldu zituen, etorkizunean zer gertatuko zen inork ez dakiela azpimarratuz.

Ainhoa Pascaul abogatuak, bere aldetik, eztanda soziala martxan jarri zenetik Frantziako Estatuak hartu dituen neurri juridikoak banan-bana azaldu zituen, oraingoa inoiz ezagutu den errepresio bortitzena eta zabalena dela aitortuz. Mugimendu soziala suntsitzeko asmoz atzerakada demokratiko nagusia ematen ari dela azaldu zuen.

Biek iragarri zuten datorren Miarritzeko G7 bileran bi errealitate horien talka bortitza eman daitekeela, jaka horiek ez baitute bertaratzeko aukera baztertu eta Macronen Gobernuak errepresio neurri guztiak indartuko dituela adierazi baitu.