Uztailaren 13 honetan, 1.000 eta 1.500 manifestari artean bildu ziren Miarritzeko karriketan, G7aren aurreko azken mobilizazio handian, gailurraren zilegitasun eskasa eta Euskal Herrian antolatzea salatzeko. G7 Ez! plataformak bere antolakunde eta hurbilekoei manifestaldi koloretsu, baketsu eta bateratura hurbiltzeko deia luzatua zien, lema orokor baten gibelean: G7a eta bere munduari ez!

Koloretsua eta bateratua izan zen manifestaldia. Bandera gorri, txuri, berde, hori, beltz eta arrosak ikusi ziren, ortzadar militantea zabalduz Miarritzen. Elkarteak, alderdi politikoak, sindikatuak, antolakundeak, eragile eta mugimendu sozialak elkartu ziren Gare Du Midi antzoki aitzinean, baita hurbileko anitz ere, ordu eta erdi inguru iraun zuen ibilaldiari hasiera emateko. Ikusgarria izatea zuen helburu plataformak, eta bete egin da. Miarritzeko merkataritza karriketan eta itsas bazterrean barrena ibili zen manifestaldia, abiapuntura bueltatuz.

Besta giroko manifestaldia ere izan zen. Ekimen ezberdinak gauzatu ziren mobilizazioan zehar, G7a salatzeko. Lehenik eta behin, “Gune gorrian” sarrera irudikatu zen, Miarritzeren militarizazioa irudikatuz eta arbuiatuz. Bestalde, G7ko estatuburuen karikaturak ere agertu ziren hiriko leku ezberdinetan, eta manifestariek tinduz beteriko arrautzak bota zizkieten.

Azkenik, baketsua ere izan zen. Prefekturak merkatariei eman zizkien aholku alarmistez gaindi, zeinetan manifestaldian zehar saltokiak ixtea gomendatzen zitzaien, Miarritzeko denda eta ostatuak irekiak ikusi ziren uztailaren 13ko arratsaldean. Honek, G7 Ez! plataformaren mezua indartu zuen, azken honen helburua G7aren aurka borrokatzea baita, ez bertako ekonomia jardueraren aurka. Gainera, kalterik ez egoteaz gain, manifestariek merkatari eta oinezkoekin trukatzeko aukera izan zuten, manifestaldiaren eta aldarrien azalpena emanez, baita kontra-gailurrera hurbiltzeko gonbidapena luzatuz ere.

Manifestaldia Gare du Midi-n amaitu zen, antzerki batekin eta borrokan jarraitzeko plataformaren deialdiarekin. Hala, bertako eragile eta aktore guztiei G7aren antolakuntzan ez laguntzeko eskatu zitzaien, eta dena egin dezaten haren funtzionamendua oztopatzeko. G7 Ez! plataformak kontra-gailurraren gauzapena ere oroitarazi zuen, zeinetan G7a eta bere mundua salatuko den, alternatiba demokratiko, ekologiko eta sozialak proposatuz eta desobedientzia zibil ariketa masiboak burutuz. Honakoak dira kontra-gailurraren datak:

  • Abuztuaren 19tik 20ra: alternatiben gunearen prestaketa
  • Abuztuaren 21etik 23ra: alternatiben gailurra Hendaian eta Irunen, hitzaldi, tailer ekimen eta erakusketekin.
  • Abuztuaren 24an, 11etan: G7aren aurkako eta beste mundu baten aldeko manifestaldia Hendaian
  • Abuztuaren 25ean, eguerditik aurrera: “Ortzadar gunea”, desobedientzia zibil ekimena Miarritzeko zirkulazio debeku gunearen inguruko zazpi lekutan.